XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

V BIZIAK BADIRAU

Arratseko haizexka freskoak aterarazi zuen Julius autogupidazko egoeratik.

Jarrera hartan jarraitzerik ez zuela konturatu zen.

Zerbait egin beharra zuen. Eta azkar.

Eguzkia mendebaldeko mendi zorrotzen tontorren atzetik ezkutatzen ari zen.

Argitasunak ez zuen denbora luzez iraungo.

Aurki, ilun izango zen.

Zer egin? Egokiena bi gazte haiengana, Piarres eta Oihanarengana, joatea iruditu zitzaion, mundu hartan ez bait zuen beste inor ezagutzen.

Arazotan sartzea ekarriko zuen erabaki hark, baina planeta hartan betirako gelditu behar bazuen, eta ez zuen hartatik ateratzeko esperantza handirik, bertakoen artean integratu beharko.

Untzian sartu eta bertako trasteen artean erabilgarria zer gerta zekiokeen aztertu zuen.

Emerjentzi motxila hartu zuen, bertan zenbait botika, bitamina eta elikagai kontzentratuak, iparrorratza, lotarako zakua eta antzeko beste hornigai batzuk zeudelarik.

Pistolarentzako ordezko kargak hartzea ez zitzaion ahaztu.

Barnekaldeari azken begiratua bota ondoren untziaren atea itxi zuen.

Oraingoan, ez zitzaion ahantzi energi hesia martxan jartzea.